Orduan, ilusioz hartu nuen irakasgaia: teknologia berrien ingurukoa zen eta azken finean, ni egunero nago ordenagailu aurrean Internet eta teknlogia berrien munduan sartua. Baina oraingoan, desberdina zen: mundua hau irakaskuntzarekin erlazionatu beharra zegoen. Beraz, urduritasun puntu bat sumatu nuen: nola egin, zer egin, zer idatzi, …
Hala ere, lanarekin hasi nintzen, nahiz eta hasiera batean, pixka bat galduta ibili. Ez nekien oso ondo zer zen egin behar zena: blogean idatzi edo zer gehiago? Beraz, beste blogak begiratu nituen ea ikaskideek zer egiten zuten ikusteko. Batzuk, ni bezala hasiera baino ez zuten idatzia, baina beste batzuk, izugarrizko lana egina zuten jadanik. Orduan urduri jarri eta K(i)likaTIKen sartzen hasi nintzen egunero ea nire burua aklaratzen hasten nintzen. Eta azkenean, ausartu nintzen eta nire lehengo sarrera egin nuen.
Hala ere, ikusten nuen denborak aurrera egiten zuela eta oraindik erdi galduta eta askotan zer idatzi ez nekiela, eta jadanik ia apirilean sartuak geundela … Ikusi nuen ezinbestekoa zela baina K(i)likaTIK eta baita beste ikaskideen blogak jarraitzea. Izan ere, mundu berean mugitzen ginen eta horrela besteek egiten zutena ikusteko aukera nuen. Ondoren Jose Antonio Millanen inguruko lana egin nuen, oso gustora, gaia oso interesgarria izan zelako, eta blogean eskegi nuen. Orduan hasi nintzen lanean buru-belarri.
Lehenengo sarrerak sartzen hasi nintzen: joku didaktikoan Interneten, sarean margotzea, etab. Eta konturatu nintzen, gogoko nuela blogean idaztea, eta pentsatzen nuena baino errazagoa zela. Gainera, egunero Interneten sartuta egonda lanean nabilenean, agian horrek posibilitate gehiago emango zizkidan gaiak aukeratzeko, etab. Beraz, etxera heltzean, askotan aurretik nituen nabigatzeko ohiturak pixka bat aldatzen hasi ziren, eta sarean nabigatzen hasi nintzen teknologia berriak eta hezkuntzaren inguruko gaiak bilatzen. Gainera konturatu nintzen, hasieran gai bat bilatzen kostatzen zitzaidana, geroz eta txikiagoa zela.
Hala ere, nahiz eta gero eta gusturago egon bloga egiten, beste oztopo batekin aurkitu nintzen: Teknografia. Hasieran guztiz galduta geratu nintzen: Teknografia? Zer da hori? Zer gin behar da? Bideo bat? Nola? Ze programa? Puf, zoratu egin nintzen!
Baina bizitzako gauza guztiekin gertatzen den bezala, gauzak lasaitasunez eta urduritu gabe hartuz gero, azkenean beti irteten dira. Orduan, zer adieraziko nuenaren inguruan pentsatu nuen: zer azaldu, nola azaldu, etab. Zenbait irudi eta argazki bilatu ondoren, movie maker programa arakatu nuen. Noizbait erabilitako beste bideo programa batzuen antzerako zen, oso bisuala eta nahiko erreza, beraz teknografia egiten disfrutatzen hasi nintzen. Hala ere, uste nuen baino denbora gehiago behar izan nuen, baina azkenean teknografia egina zegoen.
Maiatzean sartu gara eta oraindik sarrera desberdinak egiten jarraitu dut. Azkena oraintxe idazten ari naizen hau. Oso esperientzia ona izan da, lan polita eta hasieran uste nuena baino gehiago gustatu zait. Azken hautazko lana egitea pentsatu izan nuen, baina momentu honetan ezinezkoa: lanean kurtso batzuekin ari gara, beraz inoiz baina denbora gutxiagorekin nago, eta horrez gain, dudan denbora apurra beste irakasgaiak ikasteko baino ezin dut erabili … .
Hala ere, Teknologia Berriak eta Hezkuntzaren arteko mundu berri hau ezagutzea oso gustukoa izan dut. Pentsatzen nuena baino gauza gehiago egin daitezke eskola batean, teknologia berriek eskaintzen dizkiguten baliabideekin. Badakit guzti hau, esaten den bezala: Iceberg-eko punta baino ez dela, beraz oraindik bide luze bat dago. Gainera, teknologia berriek duten garapen arina kontuan hartuz gero, nork daki hemendik urte batzuetara zer aurki dezakegun, eta nola aplikatu dezakegun hezkuntzan. Izan ere, ez dira hainbeste urte pasa ni eskolan nenbilenetik, eta garai hartan ordenagailuak konpartitu behar izaten genituen, eta begira orain … Beraz, adi egon beharko gara eta etor daitezkeen aldaketa guztiekin.
Eta azkenik, agurtzeko momentua heldu da, baina hemen ez da dena amaitzen. Agur esateak ez du esan nahi blog-a itxi behar denik, posible den heinean blogean sarrerak idazten eta eguneratzen joango garelako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario